Andres Burzaco Burzaco abelburu mihi takoak bizkaitar saltsan.
Mexiko Hiria / Mexiko
Andres Burzacoren bi aiton-amon bizkaitarrak ziren: aitona Sestaokoa, eta amona Trapagarangoa. Mexikora iritsi ziren Gerra Zibiletik ihesi. Aitona gudaria zen, eta Mexikora iristen ziren errepublikanoei laguntzeaz arduratu zen. Amonak bizimodua atera zuen arropa ehuntzen eta saltzen. Euskal diaspora Club Vasco eta Mexiko Hiriko Euskal Etxean biltzen zen.
Amonak, ehuntzeaz gain, oso ondo sukaldatzen zuen. Andresek amonaren eskuz idatzitako errezeten koaderno bat gordetzen du. Piper txorizerorik ezean, bere amonak txile zabala eta guajillo txilea erabiltzen zituen bizkaitar saltsa egiteko, hazirik eta zainik gabe. Mamia bakarrik erabiltzen zuen, mina kenduta.
Aitonak beti izan zuen Euskadira itzultzeko gogoa, baina Franco baino lehenago hil zen. Urte asko geroago, Andresek aitona-amonen errautsak ekarri zituen Euskadira.
Eta bizipen horietan guztietan oinarritzen da errezeta hau.
On egin!